09-KOOTSAILA-KO2024
(c) Mertxe Beriain
Euskadiko Selekzioak maila bikaina erakutsi du beste behin ere Nafarroa Beheko errepideetan. Essor Basqueko hirugarren jardunaldiak Donapaleun izan du irteera eta helmugan, tartean hiru mendate puntuagarri eta beste hainbeste igoera zeudelarik. Lasterketa oso bizi atera da lehenengo orduan Oskazera bidean, ihesaldiko leiha tarteko Aitor Agirre Egañak eguneko lehenengo tarteko helmugatik lehen postuan pasatzea lortu du.
Oskazen gora tropela desegiten hasi da eta Gamiara bidean haize indartsuak nekeak agerian utzi ditu. Gamia, Essor Basqueko mendate klasikoena, aldeko haizearekin igo dute txirrindulariek eta abiadura handiarekin tropela guztiz desegin da. Lasterketa buruan 8-10 txirrindulari geratu dira eta igoeran lortu ez duen arren jaitsiera hasieran lortu du Haimar Etxeberria Ansalasek lasterketa buruan sartzea. Iparlatzen eraso ugari izan dira, tartean irundarrak proposatu dituena baina azken 15 kilometroetan denak elkarrekin sartu dira.
Xibraltareko maldak erabaki du lasterketa eraso festa apartarekin. Etxeberriak saiatzen jarraitu duen arren Aix en Provence taldearen nagusitasunak ez dio utzi aurrera egiten. Azkeneko unean Jonas Geens -ek (MOR) metro batzuk lortu ditu eta malda behera tartea handituta garaile suertatu da Donapaleuko helmugan. Talde nagusiko sprintean indartsu jo du Etxeberriak eta hirugarren postua lortu du.
Horrela adierazi da Haimar Etxeberria Ansalas helmugara iristean: “Berriz ere eskerrak luzatu nahi dizkiet Euskadiko Selekzioko pertsona guztiei, bai txirrindulariei eta baita teknikariei. Gaurkoan banekien garaipenak lortzeko aukerak nituela eta lan bikaina egin dugu guztiok hori lortzeko. Etapa oso gogorra zen, banekien igoeretan estutu behar nuela eta horrela egin dugu.”